Gaur, larunbata, ehortziko dute Frantzisko Aita Santu izan dena. Gure bazkide Iñaki Lasak artikulu bat idatzi du Alea aldizkarirako, eta zutabe hauetan ere erreproduzitzen dugu, interesgarria delakoan. Eskerrik asko Iñaki Lasari eta Aleari.
Erromako apezpikua hil zaigu. Bere heriotzaren ondoren hitz bi idatzi nahi nituzke, baina zaila egiten zait horrenbeste mugatzea bere izana eta izatea. Baina, gainetik bada ere, saiatuko naiz.
Jorge Mario
Bergoglio pertsona. Argentinarra, honek duen esanahi guztiarekin: hizlaria;
umoretsua; literatura, antzerkia eta poesia zalea; argentinar gehientsuenak
bezala futbolzalea.
Pertsona
aberatsa zentzurik sakonenean: bihotz onekoa, hitza eta besoak zabalik zituena,
entzuten zekiena, arretatsua, pertsonekiko bereizkeriarik egiten ez zuena.
Jorge Mario
Bergoglio jesuita zen. Beste lagundi guztietan bezalaxe, Jesusen Lagundian ere
denetarik ezagutu izan da. Baina, gaurkoan, izan duten misio-grina
hori azpimarratu nahiko nuke, Lagundia sortu zenetik hasita. Xabierko
Frantzisko nafarra ere Txinara joan zen misiolari. Gogoratu, Hego Amerikan hain
zuzen ere, El Salvadorren, nola erail zituzten Ellacuria eta beste hainbat
jesuita.
Bergogliok,
jesuita izan arren, Asisko Frantzisko maite izan zuen, haren pobrezia,
xumetasuna eta haren naturarekiko maitasuna desiratzen zituen. Horregatik hartu
zuen aita santu egin zutenean haren izena: Frantzisko.
Frantzisko
aita santua. Kardinalen botoek egiten dute bat aita santu -ez du zertan
kardinala izan behar- eta seguruenik zerbait ikusiko zuten Jorge Mario
Bergogliorengan aita santu izendatzeko. Nolako pertsona halako aita
santua izan beharko luke, baina ez da beti horrela gertatzen. Gizon gozo eta on
batek pertsona bezala dituen nolakotasuna, gaitasuna eta balioak kontutan
hartuta, adorerik badu, funtzionatuko du. Bergogliok funtzionatu du. Asko dira
bisitatu dituen herrialdeak, asko etxean hartu dituen mandatariak eta pertsona
herritarrak. Ez du jarri izan mugatik nor, nongoa eta nolakoa den pertsona
bisitaria.
Ez du
arazorik izan honetaz edo hartaz mintzatzeko. Esan ere esan ditu esan
beharrekoak: gerra eta armatzearen aurkakoak, pertsonak erbesteratzearen
aurkakoak, migrazioaren arazoaz, errefuxiatuen egoeraz, emakumeei buruz, abortuaz
edo LGBTQ+ gaiak -nahiz eta letra horiek denak gehitxo iruditu-.
Horregatik guztiagatik izan da gehiengo handi batek onartua Frantzisko aita
santua, Bergoglio pertsona bezala.
Baina
Frantzisko aita santua izan da. Aita santua kristau katoliko apostoliko eta
Erromako erlijioa jarraitzen dutenen Elizako agintaria izan da. Erlijio hau
bizi dutenek esperantza handiak zituzten aita santu honetan jarriak. Ilusio
handiz jarraitu dituzte haren joan-etorriak, entziklikak, idatziak,
adierazpenak eta jarduera guztiak, baina azken aldera desilusioak ere ukitu
ditu eliztarrak.
Nazareteko
Jesusen mezuak eta predikuak zabaldu eta praktikatu zituen, batez ere
talde zaurgarrienekin, baina Jesusek aipatu ere egin ez zuen erlijioa eta haren
izenean sortu zutena, apenas ukitu du. Aldaketa ñimiño batzuk egin baditu ere
ezerezean geratu da dena.
IV. mendeko
dogma eta kredoak hor jarraitzen dute oso-osorik bonba-pakete baten antzera,
norbaitek ukituz gero, kristautasuna lehertuko litzatekeen beldurrez. Ulertzen
dut. Dogma eta kredo horiek gabe ez litzateke erlijiorik egongo. Nazareteko
Jesus jarraituz gero, behar bada, kristautasunak, hots, Kristoren
jarraitzaileak izango lirateke.
Agur Jorge
Mario Bergoglio, kristau ona.
Agur
Frantzisko aita santua.
Aaa! Eta...futbola ere mito berri bat da. Telebista ez ikustearena ere ez da ideia txarra.
Testua: Iñaki Lasa Nuin
Argazkia: Wikipedia